Elkarteko jarduerak

Historia

1974-ko azaroan sortua, Akelarre kultur elkarteak Hendaiako euskal kultura garatzea du helburu, jarduera guztietan euskara erabili eta defendatuz.

Elkarteko bi ardatz nagusiak euskal dantza irakatsi eta praktikatzea, eta aktibitate kulturalak dira.

Akelarre elkartea Euskal Kultur Erakundea (EKE) eta Iparraldeko Dantzarien Biltzarrarekin (IDB) kidetua da.

Dantza taldea

Akelarreko dantza taldea, elkartea sortu eta denbora gutxira sortu zen. Gazte talde batek, dantzaren bitartez gure kultura euskaraz bizi, biziarazi eta gazteagoei transmititzeko zuen gogotik sortu zen.

Gaur egun, 80 – 100 bazkide inguru ditu taldeak. 6 urtetik aurrera has daiteke ikasten. Ikasketa pixkanaka egiten da, adin bereko haurren artean, nerabezaroan elkartu eta helduen taldera sartu arte.

Haurrek dantza maitatzea da helburua, tresna egokiak emanez, beraien erritmoan ikasteko. Talde-lana, taldean bizitzea eta lortutako emaitza bezain garrantzitsua da lana eta zorroztasuna ere irakatsi eta apreziatzea. Haurrek, ateraldiei esker, dantzen, jantzien, ohituren… jatorria eta Euskal Herriko probintzia bakoitzeko berezitasunak ikasten dituzte. Beste taldeekin izandako trukaketek harremanak sortzen dituzte, denontzat aberasgarriak direnak.

Kurtsoak urte osoan irakasle boluntario eta profesionalek ematen dituzte. Batzuetan, kanpoko irakasleren bat ere etor daiteke.

Ohiko dantzak egiten dituen taldea gara, dantza berriak ikasteko gogoz beti, gure errepertorioa handitzeko. Euskal kultura anitza, koloretsua eta aberatsa da, asko daukagu beraz oraindik ikasteko.

Taldearen berezitasunetako bat Lapurdiko Ihauteria da. 1978an muntatua izan zen lehen aldiz, dantzari eta pertsonaia guztiekin. Gaur egun ere, irakatsi eta dantzatzen dugu, emanaldi zein ateraldietan ere.

Probintzia guztietako dantzez gain, Xiberoako dantzak ikasteko kurtso berezi bat dugu, hauek, lan tekniko luze eta zehatza behar baitute.

Hendaiako ohiko emanaldiak

Dantza taldeak, emanaldietan erregularki parte hartzen (edo antolatzen) du:

  • Bixintxoak
  • Ihauteriak
  • Dantzari egunak
  • Urte bukaerako emanaldia
  • San Juan Sua
  • Sokoburuko emanaldia
  • Hiri Besta
  • Variétés antzokian emanaldia

Batzuetan haurrak bakarrik izaten dira, besteetan helduak bakarrik, edota denak elkarrekin. Kaleko animaziotik emanaldi luzeraino izan daiteke. Eskaera zehatzei ere erantzun izan diegu.

Horrez gain, IDB-k antolatzen duen Dantzari Ttikira ere joaten gara eta hegoaldeko, zein atzerriko taldeekin trukaketak antolatzen ditugu.

Musikariak

Akelarren beti izan dira musikari batzuk dantza emanaldietan jotzeko. Musikari horiek Hendaiakoak edo kanpokoak izaten dira, beharren arabera.

Azken urte hauetan 5-10 musikariz osatutako talde egonkor bat elkartzen da astean behin elkarrekin jotzeko. Dantza taldeko emanaldiak prestatzen dituzte, eta horrez gain beste ekitaldi batzuetan ere parte hartzen dute, hala nola txistulari topaketak edo Hendaiako ihauteriak eta Eguberriko animazioak.

Txistuaz gain beste musika tresna batzuk ere daude, besteak beste txirula, gaita, trikitixa, tuba…

Beraz musikaria bazara eta euskal kulturak interesatzen bazaitu animatu eta etorri edo jarri gurekin harremanetan!

Jostunak

100 dantzari inguruko taldeak jantzi asko behar ditu. Taldea sortu zenetik, ezinbestekoa izan den laguntza aurkitu da beti, familia eta lagunen artean.

Azken urteetan, 8 pertsonako talde bat asteazken arratsaldero elkartzen da dantzako jantziak (patroiak, oihalak, mozketak, josketa…) eta osagarriak egiteko.

Zaharkitutako jantziak berritu eta dantza berrietarako beste batzuk sortzea ahalbidetzen du talde honek.

Ihauteriak

1975ean, Akelarrek Hendaiako lehen ihauteria antolatu zuen, elurpean egin zen dantzari desfile batekin. Geroztik, urtero parte hartu du elkarteak, hasieran antolatzaile bakar gisara, eta geroztik, beste elkarte eta besta komitearekin batera.

Ihauterietako goiza haurren dantza taldeentzat izaten da, hondartza eta herriko kaleetan Lapurdiko ihauterietako dantzak egiten baitituzte.

2014an, Akelarreko 40. urteurrenaren karietara, “Subernoako Hegadarrak” sortu zen, Hendaiako ihauterietako ohitura bilakatu eta denboran iraun eta eraldatzeko helburuarekin. Hegadarra pertsonaia nagusia sortu zen lehenik, erdi gizaki, erdi animalia, hegal eta adarduna.

Ondotik pertsonaia gehiago etorri ziren: Trapu Zaharrak eta Bihurriak. Azken hauek bazterrak nahasten dituzte beraien makilekin. Pertsonaia berrienak Txuriak dira, dantzari dotore eta zuriak, Hegadar beltzekin kontrastean. Noski, Hartza ere gurekin izaten da.

Sorkuntza honetarako, Claude eta Jon Iruretagoienaren laguntza izan dugu.

Dantza pausoak edozeinek egiteko moduan sortu ziren, ihauteri herrikoia izatea baita helburua. Urtero, ihauteriak baino hilabete lehenago, dantza ikastaroak antolatzen ditugu, nahi duenarentzat. Denentzat iekia da eta dohainik da. Biziki animatzen zaituztegu parte hartzera, ez da dantzan jakin beharrik, parte hartzeko gogoa ukan besterik ez. Gurekin harremanetan jartzeko datuak Harremana orrian aurki ditzakezue.

Eguberri

Akelarre elkarteak, abenduaren 24an, iluntzeko 7etan, Gabonetako elkarretaratzea antolatzen du Hendaiako plazan, urtero 1975az geroztik. Hendaiarrak elkartu eta denok batera ohiko kantak kantatzeko aukera izaten da.

Azken urteetan, hainbat taldek parte hartzen dute eta urteko momentu polit hori atseginago eginez.

Olentzero gaiaren inguruan marrazki txapelketa antolatzen da eskola guztietan, 1992az geroztik, eta irabazleek egun horretan jasotzen dituzte sariak.

Txotxongilo jaialdia

Lehen jaialdia 1990ean izan zen. Mota honetako lehenetakoa izanik, arrakasta handia izan zuen. 1998tik Europako Txotxongilo Festibalen Errepertorioan dago.

Oinarria emanaldi guztiak euskaraz izatea da. Hendaia eta inguruko eskolei irekitzen zaie eta 1000 ikasle inguru etortzen dira, beraien adinetara egokitzen diren emanaldiak ikustera. Bestetik, euskarazko sorkuntza ugarien artean, aukera izaten da, publikoari irekitako emanaldiez ere gozatzeko.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots

Udaberriaren hasiera dela eta, gaztetxoenei zuzendutako eguna antolatzen da. 1994etik, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak etortzen dira Hendaiara, haur (eta heldu!) guztien zorionerako.

Literatura

Literaturazale talde bat erregularki elkartzen da idazle edo liburu bat lantzeko, irakurri, landu etab. Idazlearekin trukaketa batzuk egin ondoren, azken hau bere obra publikoari aurkeztera etortzen da.

Honela, hainbat idazle ezagutu ahal izan ditugu: Edorta JIMENEZ, Itxaro BORDA, Aurélie ARKOTXA, Harkaitz CANO, Koldo IZAGIRRE, Pello LIZARRALDE, Anjel LERTXUNDI, Bernardo ATXAGA, Ramon SAIZARBITORIA, Eider RODRIGUEZ, J.K. IGERABIDE…

Irakurraldi publikoa

Liburu bat hautatu eta ahal bezainbat pertsonak irakurtzea. Hona zer den Irakurraldi Publikoa.

4-5 orduz, 100 pertsona inguru pasatzen dira elkarren atzetik: haurrak, gurasoak, gazteak, AEK-ko ikasleak, kolegio edo lizeokoak, bertsolariak, alkatea… Batek irakurtzen duen bitartean besteek entzun egiten dute.

Ekitaldi honen helburua, euskal literatura bultzatu, euskal idazleak sostengatu eta euskaraz irakurtzeko gogoa piztea da.

Parezkatzeak

Dantza taldeak beti izan du trukaketa kulturalak egiteko interesa: euskal kultura erakutsi, eta trukean, besteena ezagutu.

Hendaia, Portugaleko Viana do Castelo hiriarekin parezkatua da, baita Eskoziako Peebles eta Nafarroako Arguedasekin ere. Santa Marta de Portuzeloko dantza taldearekin betidanik egin dira trukaketak.

Taldeak parezkatzearen izenpetzean, baita 10. urteurreneko ospakizunean ere parte hartu du eta luzaz jarraitzeko asmoa dugu.