06-01 Mintzaldia: Le Dauphin itsas-ontziko paperak
2024ko ekainaren 1ean, 17:30ean, Antoine d’Abbadie aretoan (Sokoburu), Xarles Bidegainen hitzaldia izanen da, 1757an, Gratianne Diharce hendaiarrak, Le Dauphin itsas-ontzian zen bere senarrari bidalitako gutunei buruz.
Hona laburpena:
Le Dauphin itsas-ontziaren paperak : Baiona, Louisbourg, Londres 1757
1757ko apirilean, Baionako portutik atera zen Le Dauphin itsasontzia, Kanadako Louisbourg herrira joateko xedea zuela. Bainan ingelesek bidean harrapatu zuten eta eskipaia preso hartu. Besteak beste, gutun franko bazeukan ontziak bornuan, hemengo Lapurtarrek hango lagunei igorriak. Gutuneria hori Londreseko artxiboetan lo izanen zen luzaz, Xabier Lamikiz erakasle bipilak ez bazituen berriz deskubritu duela zonbait urte. Gutun horien artean 50 bat euskaraz idatziak dira eta altxor bat osatzen dute ez baita halako multzorik bildu euskarazko dokumentu zaharretan. Lan talde bat ari da funts horren aztertzen CNRS-ko Iker laborategian (zuzendari Urtzi Etxeberria).
Gutun horiek nork igorriak, nori eta nuntik azalduko dugu hitzaldian. Zergatik ote euskaraz idazten zuten? Eta zertaz? Arrangurak, miseria, diru eskasa, janaria, arropak, familiako berriak, erasiak, ezkontzeko menturak, gerla, kortsua, untzigintza, herrira itzultzeko deia, gai hanitz aipatzen dute. Denbora hartako jendeen kezkak eta esperantzak agertzen direla erakutsiko dugu.
Hendaiako Gratianne Diharce andereak, Joannes Hiraburu senarrari igorri zion gutuna (1757an Otsailaren 28an), azalduko dugu ere bai.